Kontrastea

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko ira. 24a, 13:06

Bost gizonezko uniformatu; buruan txapel-bisera, gerrian pistola eta borra, aldamenean furgoneta blindatua. Soinu-banda jartzekotan, “llibertat” oihu errepikatua behar du argazkiak. Zinemaldiko film bateko eszena izan zitekeen, baina ez, errealitatekoa da, atzo bertakoa, Kataluniako zenbait herritan guardia zibilek egin zituzten atxiloketetakoa. Egia esan, hemen ez zaizkigu batere arrotzak gertatzen irudi horiek, sobera bete dute gure egunerokoa urtetan; hala ere, ehundaka kilometrotako distantziara hartutakoak izanda ere, horiek ikusi eta pizten zaio bati barruan har bat, ezinegonaren harra, kontzientean ez ezik, inkontzientean ere badauden beldurrak martxan jartzen dituena.

Bigarren argazkian lau emakume ageri dira posatzen, dotore. Hau bai, hau Zinemaldiko argazkia da. The Other Lamb filmeko zuzendaria, ekoizlea eta aktoreak dira. Sekta baten barruan, gizonezko guruaren menpe bizi den emakumezkoen komunitateari buruzkoa ei da filma. Denis Gough aktoreak dioenez, “…ez da soilik emakumeen zapalkuntzari buruzko lan bat; gizonak salbatuko dituen ideiari aurre egiteaz ere hitz egiten du”. Pena zuzendariak hori behar bezala adierazten asmatu ez badu, izan ere, ez du kritika onik jaso filmak. Dena dela, gaurkoz, lau emakumeen argazkiarekin geratzen naiz. Duela ez oso aspaldi argazki pentsaezina. Bide batez, kontraste paregabea bost guardia zibilen eszenarekin. Kontrastea ala osagarria?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!