Badira epaiketa historikoen irudi enblematikoak, esaterako, Nurembergeko epaiketakoak. Badira irudirik gabeko epaiketa historikoak, adibidez, Burgosko prozesua; 1970eko Espainian takigrafoak agian bai, baina ez zen flashik sartzen justiziaren barrutian. Argazkien ordez, audio testigantza labur bezain grafikoa geratu da hartatik; Mario Onaindia “Eusko gudariak” kantatzen hasi zenean sortu zen zalapartarena.
Kataluniako Prozesuaren kontrako epaiketak ez du irudi faltarik, ez bideoan, ez argazkitan. Dagoeneko iltzatuta geratu zaigu salako irudi hori: hamabi akusatuak, aretoaren erdian, lau lerrotan eserita, hirunakako aulkitan. Aldaketa gutxi batzurekin, berrogeita hamabi egunez errepikatu den eszena iruditeria kolektiboan dago jada.
Martxelo Otamendik analisia BERRIAn: “Epaiketako egunik garrantzitsuena izan zen atzokoa, defentsen azken proposamenen ondoren auzipetuen azken hitzaren txanda zelako”. Hitz horietatik, birenak aukeratu ditut. Carme Forcadellek: “Nire ibilbide politikoagatik epaitzen ari dira; naizenarengatik, ez egin dudanagatik”. Jordi Cuixartek: “Arazoa obedientzia zibila da, demokratak akusatzen uzten diona eskuin muturrari”. “Obedientzia zibila”, dagoeneko akuñatuta geratu den esapidea.
Irudietara itzulita, aste honetan izan da segundotako bideo zati bat galdu ezinezkoa: Manuel Marchenaren aurpegikoa. Ez dakit zertaz ari ziren, baina epaimahaiburuari matxinatu egin zitzaizkion aurpegiko giharrak, dantzan jarri zitzaizkion, eta osatu zuten keinu inkontrolatu bat, antologikoa. Politikaren psikiatrek hor dute analizatzeko material paregabea.