Festa egun handietakoa da argazkia: Iruñeko udaletxeko plaza buru txikiz beteta barreneraino, aurrean dauden buru txiki horien jabeak eskuak altxata txaloka, udaletxeko balkoiera begira. Hor, Joseba Asiron alkate makila erakusten, ondoan duen gizonezkoa ukabila itxita, garaipena azpimarratzen.
Argazkiak tonu epikoa du, gertakari historikoen marka, eta argazkiari falta zaion bakarra une horretako harrabotsaren doinua da. 2015eko ekainaren 13koa da eszena, Iruñeak lehen alkate abertzalea estreinatu zuenekoa. Joxerra Senarrek igandeko bozketen ondoren ireki daitezkeen eszenario posible guztiak aletzen ditu BERRIAko bere kronikan, galdera ikur galanta marraztuz.
Kanpotik begiratuta, susmatu dezaket galdera ikur horretatik zintzilik dagoela jende asko Iruñean. Kanpotik begiratuta betiere, lau urte hauetan Iruñeak hartu duen beste aurpegi hori azaltzen zaio ikusleari: eskuinaren kraka erantzi eta XXI. mendeko aniztasun sarritan zailaren irudia. Sanferminei beste tankera bat azalarazi dien gizartearena, 2016ko gertakari laidogarriei emandako erantzuna ikur. Inguruko herrialde senideetara zabaldu den hiriarena.
Kanpotik begira segituz, igande gauean galdera ikurrak izan dezakeen erantzunaren zain egongo gara, hortzak estututa. Izan ere, ez baita txantxa auzokoontzat ere, Iruñeko aginte makila batzuen ala besteen eskutan egotea.