Pirinioetako hitzarmena

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko mai. 9a, 13:09

Claverina etxeko bihurtu zaigu ustegabean. Hartzaren eta ardien arteko liskarra albistegietan dago, paperezkoetan nahiz irrati-telebistetan, Estatuen arteko arazo izatera iritsi baita. Entzun bestela nola hasi duen gaiari buruzko erreportajea Ibai Marurik BERRIAn:
“Maiatzaren 17an bilduko dira Frantziako eta Espainiako gobernuak Pirinioetako hartzez hitz egiteko. Hala iragarri zuen atzo Nafarroako Gobernuak”.
Egia esan, Nafarroako Gobernua da azkarren dabilena afera honetan. Bistan da Parisi eta Madrili urruti geratzen zaizkiela Zuberoako Basabürüa eta Nafarroako Erronkari. Urrunago bi bailara horietako mendietan bizi diren artaldeak.
Claverina, nonbait, tenple txarrean esnatu da hibernaziotik, eta horri egozten dizkiote adituek egiten ari den triskantzak. Tenple txarrak zerikusia izan omen dezake berea ez den lurraldean esnatu izanarekin. Ulertzekoa da, Eslovenian loak hartu eta Pirinioetan esnatzea, edonor asaldatzeko modukoa izan behar du.
Agian Pirinioetako Hitzarmen berri bat egin behar lukete Frantziako eta Espainiako Estatuek hartzen inguruan. Badakizue, XVII mendean Bidasoa gaineko uharte ñimiño horretan sinatu zuten haren berredizio bat. Faisaien irla deitzen zaio horri hegoaldean; Lapurdin, berriz, Konferentziaren uhartea. Eta hortik, wikipediak esan didan arte ezagutzen ez nuen izena: Konpantzia.
Ba hori, Konpantzia uhartean hitzarmena, hartza baretu eta ardiak lasai ibili daitezen Piriniopeko larreetan. Bide batez, ea argazki txukun bat egiten dioten, behingoz, Claverinari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!