Begiak erdi itxita baldin baditu ere, parez pare jotzen duen eguzki errainuarengatik, ez du bizitasunik galtzen haren begiradak; irribarre konplize batek borobiltzen du bisaia. Inma Zestau leitzarra da, Euskarabideko teknikaria. Iker Tubiak egin dion elkarrizketaren motiboa hauxe: Euskara ez sexista ikastaroa eman duela, Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta.
Elkarrizketaren pasarteak azpimarratzen hasi eta gorriz tindatu zait orria alderik alde. Izan ere, lezio oso bat da pieza goitik behera. Hasteko, oinarrizko argibide hau: “Teoria batzuek diote ez dela hizkuntza sexistez hitz egin behar, baizik eta erabilera sexistaz”. Eta segidan, aitorpen bat: “gauza txikietan denok sartzen dugula hanka”. Horren adibide bat berak gogoko duen pertxenta hitzetik abiatuta ematen du Zestauk: “Pertxenta zer da neskentzat edo mutilentzat?”. Eta erantzuna: “Mutilei, batez ere haurrei, esaten diegu ausartak, argiak eta azkarrak direla. Neskei, guapa, pertxenta, polita”.
Aholku praktikoak eskaintzen ditu Euskarabideko teknikariak. Adibidez, honakoa: “Taldean ez genuke hitanoz egin behar”. Eta beste hau, hanka sartzeak ekiditeko bidean: “Bi galdera gako aplikatu behar ditugu: guztiok gaude esan nahi dudan edo irakurri dudan horretan? Nola tratatu dut aipatu dudana eta aipatu gabe utzi dudana?”.
Azken perla gisa, Inma Zestauk batere gustukoa ez duen esaera: “Beti negarrez, emakumeak bezala”. Lezio osoa, BERRIAren azken orrialdean aurkituko duzue.