Ederra da argazkia bere horretan, paperaren gainean: abioneta hori bat, kearekin nahasten den ura jariatzen, likidoa bera ere ke-laino bihurtuta. Azpiko aldean su lerro bat, beltz ageri den mendi-mazela alderik alde zeharkatuz. Goizuetakoa da argazkia, Berazkun auzokoa, Ion Orzaizen informazioak dioenez. Iruritan, Beintza-Labaienen, Zugarramurdin, Ezkurran eta Kasedan ere izan direla sute txikiagoak kontatzen digu kronika horrek. Nafarroatik ez urruti, Aralarko Zabalegi mendia ere sutan zen herenegundik atzorako gauean. Derion, berriz, baratza batean, sastrakek su hartu eta gizon bat hil zen atzo.
Estetikaren aldetik, paperean ederra den argazkia, zorigaitzaren erretratu da errealitatean. Asaldura, larritasuna, beldurra, arriskua, galera, atsekabea… horiek denak pizten ditu su basak gizakiongan. Sua, infernua da. Orain, suhiltzaileen lanaren ondoren, sute horiek nola sortu diren aztertzeko garaia dator. Nahita piztutakoak izan dira? Deskuidoz, behar den konturik ez izateagatik? Mendia zikin egoteagatik akaso?
Gaur urtebete, 2018ko otsailaren 28an, elurrak zurituta agertu zen Kontxako hondartza. Egun hauetan, berriz, udagiro betea bizi izan da bertan. Aldaketa klimatikoa? Berotze globala?
Kontua da aldaketa klimatikoaren pantaila hori ezkutu gisa jarrita dabiltzala, hemen, Gipuzkoan, Zubietako erraustegia eraikitzen ari direnak. Erraustegiaren isuriak ere urre bihurtuta, eztabaida guztiak eragotziz, eta, bitartean, aldaketa klimatikoari buruzko nazioarteko konferentzia bultzatuz.