Mobiola atzerantz

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko urt. 31a, 13:22

BERRIAren azalean, bi gizon gazte, dotore jantziak, txaleko, gaban eta guzti… pistola bana eskuetan. Atzean daukaten autoaren matrikulan dago klabea: MC BTH horretan, Macbeth irakurri behar da, Shakespeareren obra ezagunenaren izenburua. Izan ere, Bilboko Arriaga antzokian estreinatuko dute astebete barru klasiko hori, gaurkotuta eta euskaraz.
Florentino Badiola eta Mikel Losada dira argazkiko pistoladunak, Mcbeth-eko aktoreak. Niri, ordea, beste istorio batean nahastu zait aktore bien irudi hori, alboan datorren albistean, atzo eguerdian jakin zen horretan: GARA egunkariak hiru milioi euro ordaindu beharko dizkio Espainiako Gizarte Segurantzari EGIN egunkariak harekin zeukan zorra estaltzeko. Badiolak eta Losadak ezin hobeto ilustratzen dute Gizarte Segurantzako kobratzaileen figura, edo, areago, EGINen zorra GARAri erantsi zion Baltasar Garzon epaile-ohiarena; gainera, gogoan izango duzue, hura ere sarritan janzten zen txaleko eta gabanarekin.
BERRIAren bigarren orriko argazki zabalean, GARAko erredakzioan atzo emandako prentsaurrekoa: hor daude Iñaki Soto zuzendaria; Mertxe Aizpurua, GARAren lehen zuzendaria izan zena; Iraia Oiartzabal, Euskal Herria saileko arduraduna; Juanpe Plaza, administrazio kontseiluko presidentea, eta Ruben Andrés, Baigorri argitaldariaren administratzailea. Mikroa dute arma bakartzat. Argazki horren azpian, BERRIAren izenburua: “Zetazko oihalaz isilarazi nahia”.
Mobiolak atzera egin zidan atzo eguerdiko Teleberrian. Ahaztuta neukan Garzonek EGINen zorra GARAren bizkarrera bota zuenik. 2003an izan zen hori, hain zuzen ere EUSKALDUNON EGUNKARIA suntsitu zuten urte berean. Handik sei urtera, 2009an, epaitegiek onartu zuten EGINen jarduera zilegizkoa zela. Alferrik, dirudienez. Gaur, ustez beste eszenategi batean geundekeenean, berriro datorkigu gainera Espainiako inkisizio eternala: beraiek desagertarazitako egunkari baten zor administratiboa, beste egunkari batentzat kondena bihurtuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!