Maravillas versus Rozalejo

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2019ko urt. 10a, 12:16

Kartelak dio “Salda beroa hemen”, eta kartelaren aurrez-aurre polizia bat ageri da, polizia espainiarreko kide bat. Inpentsan, txiste modura interpretatu dut salda beroaren kartela: alegia, giharrak eta hezurrak borren bidez berotzea ziurtatua dagoela Iruñeko alde zaharreko kale horretan. Gero ohartu naiz ezetz, salda beroarena ez dela txistea. Kartela hipermerkatuko orga batean dago jarrita, eta orga horretan ageri dira pare bat lapiko handi, salda bero gozoz beteta egon behar dutenak. Emakumezko batek darama bultzaka orga; beste batek han aurrera seinalatzen du besoarekin, polizia espainiarrari nora doazen adierazteko. Inguruan gazte gehiago eta baita ilezuriren bat ere, poliziak bidea libre utziko ote dien zain.
BERRIAko De Rerum Natura atalean ari naiz jarraitzen Maravillas gaztetxeko hustuketaren afera. Zaldieroaren tirek ez dituzte xehetasun guztiak kontatzen, baina bai muina. Ez galdu gaurkoa ere: gaztetxean “ikuskaritza teknikoa” egitera doa polizia mozorrotu gotortua; bidean jaka horiko langilearekin egiten du topo… ez dut dena kontatuko, Zaldieroaren kronika ez masakratzeko.
Kontua da aldaketaren gobernuari konplikatu samar hasi zaiola urtea. Ahal Dugu-Orain Bai arteko liskarra nahikoa ez, eta Maravillas gaztetxearen aferan trabatu da bete-betean. Ez dakit zein plan izango duen pentsatuta gobernuak Nabarreria kaleko eraikinerako. Oraingoz, izenen taltakerekin geratzen naiz: Maravillas gaztetxea versus Marqués de Rozalejoren jauregia. Bide batez, Bilboko militar batek eraiki omen zuen jauregi hori XVIII. mendean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!