Zigor judizial baten formulazioa izan zitekeen. Baina ez, kasu honetan, bizialdi baten gaur arteko neurria da. Aditu nuenean Mikel Bujanda Iruñean irrati bat zabaltzeko asmotan zebilela, ez nintzen batere harritu. Iruñeko gaueskoletan irakasle kide izandakoa, Bujandatarren saga borrokalarikoa, Iruñean nafartutako donostiarra… Ezaugarri horiekin betetzen zuen halako proiektu bat lideratzeko profila. Dena dela, orduan esan balidate irrati hori hogeita hamar urte betetzera iritsiko zela… ez nuen apusturik egingo horren alde, ezta zoratuta ere. Iruñeko irrati euskaldunarena, proiektu efimeroen karpetan artxibatzen zuen nire buruak.
Irrati hori izan da paperik gabea, bazterrekoa, susmagarria betiere erregimenarentzat. Malgré tout hazi eta hezi da, hamarkadaz hamarkada, ausart eta lotsagabe, inolako konplexurik gabe. Kokapen fisikoa ibilbide horren metafora da: hasteko, Irrintzi izeneko dorrean dago. Eta han, hamahirugarren solairuan, superstizioa konjuratuz; eta errematerako, igogailua hamabigarreneraino bakarrik iristen da; hau da, Euskalerria Irratiko langileek, egunero, eta gonbidatuek noizbehinka, hankak astindu beharra daukate gailurrera iritsiko badira.
Terraza batek inguratzen ditu Euskalerria Irratiaren bulego eta estudioak. Handik Iruñea eta Iruñealde osoaren ikuspegia hartzen duzu, eta haratago, Irurtzungo mendietaraino, Izagaraino… Metropoli Forala zure oinetan.
Bide batez, Metropoli Foralaren sintonia entzuten dudanean, Nafarroako ereserkiaren aldaera ganberro samar hori, sortzen dit barruan halako sikulu-saltsa bat, sanferminetako dianak, ironia eta bihurrikeria nahasten dituen koktela… horrekin topa egin dut hogeita hamar urte eta egunarengatik.