Argazkian nabarmentzen direnak hiru borobil handi dira: Ahobizi dio ezkerrekoak, Belarriprest eskuinekoak, eta erdian, Euskaraldia. Hiru administrazioetako ordezkariek eusten diete kartel borobil horiei: Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikokoak, Nafarroako Gobernukoak eta Jaurlaritzakoak.
Herenegun, bi ahizpekin nengoela, atera zen hizpidea: biak izena emanda daude jadanik ahobizi izateko, eta ni oraindik ez. Atzo, erakundeetako hizkuntza politikaren arduradunek esan zutenez, ahobizi papera aukeratu dute Euskaraldirako izena eman duten 60.000 lagunetatik gehienek. Aizue, ba ez dakit belarriprestetarako ez ote naizen apuntatuko. Izan ere, ahobizi izateak eskatzen du euskarari eustea ahal den guztian, nahiz eta besteak erdaraz erantzun. Eta ni, horretan, mengela naiz erabat: amore ematen dut lehenengoan. Aitortu behar dut oso sakon errotutako konplexu bat daukadala, printzipio honetan oinarritua: euskaraz aritzeak molestatu eta konfliktoa eragiten duela hainbat jenderengan. Ez da oso aitorpen loriatsua nire buruarentzat, baina ezin gezurrik esan.
Hala ere, atzo arratsaldean bertan hasi nintzen praktikak egiten ahobizitarako. Hiru jantzi dendatan ibili nintzen, Donostiako erdialdean; lehenengoan, euskaraz eskatu eta “por favor, en castellano”-rik gabe, baina gaztelaniara pasatu ginen. Bigarrenean, euskaraz hasi eta bukatu erosketa guztia -denda horrek euskara erabiltzen du publizitatean ere-. Hirugarrenean, kate handi bateko denda, kaxako neskari euskaraz zuzendu nintzaion eta han ere euskaraz amaitu genuen operazioa. Hortaz, bi eta bat. Praktikak egiten segi beharrean nago.