Argazki txiki bat Berriaren kultura sailean. Emakumea betaurrekoen atzetik zuzenean kamerari begira, irribarretsu. Helena Taberna zinegilea da. Irribarre errazekoa da bera, baina jenioa ateratzen ere badaki. Hala ikusi nuen behin bere herrian, Altsasuko Iortia kultura etxeko aretoan; Extranjeras (2003) dokumentalaren estreinaldia zen, eta teknikak huts egin zuen zerbaitetan. Hura zuzendu arte ez zitzaion irribarrea itzuli Tabernari.
Kontua da gaur Helena Tabernari buruzko zikloa hasiko dela Donostiako Tabakaleran, 2000garren urtean egin zuen Yoyes filmaren emanaldiarekin. Pelikula horrek Yoyesen hilketaren inguruko tabua eraisten lagundu zuen. Gogoan daukat, filma estreinatu berritan, nola entzun nituen bi mutil pelikulari buruz hizketan, naturalitate osoz, Goierriko jatetxe menditar batean. Yoyesen hilketaren inguruko isiltasuna hautsita, behingoz, Goierrin bertan.
Aurretik, 90eko hamarkadan, beste gai tabu bat erabilia zuen Tabernak bi dokumentaletan: 36ko gerra Altsasun. Gero, 2008ko La buena nueva –Berri Ona- pelikulan, fikzioko klabean tratatu zuen gaia, bere osaba Marino Ayerra apaiz ohiak idatzitako No me avergoncé del Evangelio liburuan oinarrituta. Hurrengo lanean, Nagore Laffageren hilketari heldu zion, ausarki. Tabernaren dokumental baten bidez jakin nuen nik Emiliana Zubeldia musikagile eta pianojole nafarraren berri. Harribitxiak, istorioa eta dokumentala.
Irrikaz nago Carlos Roldanek Helena Tabernaren zinemari buruz idatzi duen liburua eskuratzeko. Femeninoan deklinatzen den ibilbide horretan arakatzeko.