Marlaskaren curriculuma

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko eka. 8a, 11:37

Argazkia konbentzionala da lehen begiradan: bost emakumezko ageri dira areto bateko mahaian, mikrofonoak aurrean. Argazki konbentzional horrek baditu, ordea, bere ertzak. Hasteko, “Emakumea eta tortura” dute mintzagaia. Eta inpentsan, mahai inguruari gurutzatu zaio Fernando Grande-Marlaska epailearen kargu hartzea Espainiako Barne ministro gisa. Alegia, hizpide ezustekoa ekarri ziola kasualitateak aurrez iragarrita zegoen mahai-inguruari. Hortik Berriaren azalak dakarren izenburu nagusia: “Torturatuak, Marlaskaren kezkaz”.

Aldi ezberdinetako emakumeak bildu dira mahai inguruan: Amaia Andrieu, 1980ko hamarkadan torturatua; hurrengo hamarkadan Elena Beloki; Idoia Zabaltza, torturaz hildako Mikel Zabaltzaren arreba; Espainiako poliziaren tortura kasuak hirurak. Urtza Alkorta, berriz, Ertzaintzak atxilotu eta torturatu zuen 2000garreneko hamarkadan. “Ikusi ezin diren zauriak” du azpiko izenburua mahai inguruak. Testigantzetatik ondorioztatzen da jasandako tortura errekonozitzea kosta egin zaiela emakume hauetako batzuei.

Bi orriko erreportajea Ander Maeztu iruñearraren elkarrizketak osatu du. 2010ean atxilotu eta torturatu zuen Espainiako poliziak. Fernando Grande-Marlaska epailearen aurretik pasatzea egokitu zitzaion eta kontatu zion komisaldegian jasandakoa. Zer egin zuen epaileak? Maeztuk dioenez, “paso egin zuen erabat. Ez zuen zirkinik ere egin. Zuzenean espetxera eraman ninduten eta kito”. Hori Grande-Marlaska ministro izatera eraman duen curriculumaren ezaugarrietako bat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!