Jauregien katalogoa

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2018ko mai. 4a, 14:37

Azal betea hartzen du argazkiak: pareta urratu samar batean pintada soila: ETA, gorriz, sprayez idatzia . Eskuinean brotxaz egindako puntu beltz bat, tantana dariola; eta kito bat. Azal horretan bildu du BERRIAk ETAren ibilbideari eskaini dion 32 orrialdeko gehigarria.
Atzo arratsaldeko ordubi eta erdietan bukatu zen ETA. Hala esan zuen, ingelesez, David Harlandek, Genebako Henri Dunant zentroaren zuzendariak. Harlandi entzuten dozenaka batzuk lagun, eta barrenean kamerak. Lehen iladan aurpegi ezagun bat: Olatz Arrieta, Euskal Telebistak Bruselan daukan berriemailea.
Harlandek eskuetan daukan ETAren agiria erakusten dio kamerari. Agiri horri metafora batek jartzen dio azken puntua: “ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da”. Gatza edo azukrea uretan bezala.
Kanboko argazkien zain gaude gaur. Arnaga etxea ere metafora gisa ikusten dut: néo-basque estilokoa, ez da ez baserria, ezta txaleta ere, jauregia da. Rostand-darren etxea izana: Edmond, Bergerac-eko Zirano idatzi zuena, eta bere seme Jean, biologo eta filosofoa. Gaurdanik, beste osagarri bat gehituko zaio Rostand-darren museoari: ETAren amaiera bertan eszenifikatu izana.
Arratsaldean Bertizeko jauregiko argazkiak ere izango ditugu. Aiete, Arnaga, Bertiz… ondo dago euskal jauregien katalogoari errepasoa egitea, baina gaur, Arnagan zegoen Uxue Barkos eta Iñigo Urkulluren tokia, eta ez Bertizen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!