Borobila atera zaio Monika del Valle argazkilariari Iñaki Williams futbolariaren irudia: bi besoak gora, eskuak buru gainetik elkarri itsatsita, barkamena eskatzen Athletic-eko zaleei atzoko partidaren emaitzarengatik. Hondoa desenfokatuta, euri tantek malkoak dirudite.
Kiroletako erreportajearen beste hiru argazkietatik bi Olympique de Marseilleko zaleei dagozkie. Batean estadio barruan piztutako bengalek argitzen dute eszena. Bestean ertzainak ageri dira zaleei oldartuta.
Eskerrak zehatz-mehatz diseinatutako seguritate plana zeukaten Marseillako ultrei aurre egiteko, Euskal Telebistak atzo eguerdiko albistegietan xehetasun guztiz erakutsi zuen bezala. Atzoko emaitza –ez kirolekoa, giza-portaerarena baizik- hauxe: seguritate pribatuko bi agente zaurituta.
Demagun martxoaren 8ko mobilizazioan beste horrenbeste gertatzen dela. Edo biharko pentsionisten manifetan, edo atzo eta herenegungo irakasleen grebetan, edo ikasleen edozein deialditan. Zer erauntsi ez genuke jasan beharko politikari, iritzi-emaile eta editorialgileen aldetik!
Baina hau, kontu!, futbola da, futbolaren inpunitatea; zehatzago: gizonezkoen futbol profesionalaren inpunitatea, nazioartekoa eta unibertsala.
Nork gogoratzen du Eibako bi jokalarik, Enrich eta Lunak, neska bati egindako jazarpena? Partida pare bat jokatu gabe geratu ziren, adierazpen mengel bat zabaldu zuten… eta harrez gero, hor jarraitzen dute, Eibar loriatzen.
Futbol profesionalaren mundua arkeriaren terreno librea da, matxismoaren sinbolo gorena. Iñaki Williamsena bezalako argazkiak behar dira, ez zaleei emaitzarengatik barkamena eskatzeko, gizarte osoari barkamena eskatzeko baizik.