Baliabide grafiko erabat grafikoa erabili du gaur Berriak atzoko plantoa irudikatzeko: espazio zuria eta borobil baten gainean zigilua: M-8, BERRIAko emakumeok greba egin dugu. Azaletik hasi eta ia orrialde guztietan ageri da hutsune hori: gaur ez dago Miren Amurizaren artikulurik, ezta Onintza Enbeitaren eta Miren Maniasenik ere; hutsik daude orrialde oso batzuk, erdi edo laurden batzuk, baita kirolen sailean ere.
Argazkirik mediatikoena Donostiako Artzain Onaren katedralaren atarikoa izango da: hogei bat emakume toplessean, Femen-ekoen estilora. Munillak badauka lana katedrala exorzizatzen.
Argazkirik artistikoena Bilbokoa: feminismoaren ikur triangeludunak ezaugarritzen du irudia; ehundaka pertsona, neska gazteak batez ere, eskuak gora.
Argazkirik esanguratsuena Gasteizko Legebiltzarrekoa: gizonezkoak beren bakardadean. Gainezka egiten duen argazkia Iruñeko Sarasate pasealekukoa: ikusi al duzue sekula halako jendetzarik toki horretan?
Argazki adierazgarriak Leitza eta Azpeitikoak: erakusten dute mobilizazioa ez zela hiriburuetara mugatu.
Kronika pertsonala egiteko lizentzia hartuko dut gaur. Atzo goizean aldameneko bizilagunak balkoian amantala zintzilikatuta zeukala ikustean animatu nintzen ni ere hori bera egitera.
Beldur eszeniko apur batekin irten nintzen etxetik beltz eta morez jantzita. Bigarren kantoia zeharkatzerako, akabo lotsa izpiak: beltzez jantzitako emakumez zipriztinduta zegoen kalea.
Iloba batek –ni baino hogei urte gazteagoa bera- whatsappez egin zidan manifara elkarrekin joateko gonbitea. Bulebarreko manifestazioan jo eta pasata sentitu nintzen, ez bakarrik jendetzarengatik, baita jendetza horren aniztasunarengatik ere.
Gaur goizean, inpentsan, kantuan harrapatu dut nire burua dutxan.