Argazkiek baino gehiago izenburu pare batek piztu didate arreta Berria-ri emandako lehen errepasoan. “Aurrera egiteko atzerapausoa” da izenburu horietako bat. “Aurrera egiteko atzerapausoa” dio, bai, Ander Perez Zalak eta Igor Susaetak sinatzen duten kronikak; izenburuak bere baitan dakarren itxurazko kontraesan horrek harrapatu egiten du irakurlea. Kronika Puigdemontek atzo jakitera emandako erabakiari buruzkoa da.
Bigarren izenburua azalaren erdi-erdian dator, eta dio: “Ondare lizundua”; hizki zuritan idatzia dago, ia-ia zuri-beltzera biratutako argazkiaren gainean. Kolorea higatu egin zaio, ez argazkiari berez, izenburuak aipatzen duen ondareari baizik. Ondare hori anabasa betean ageri da; argazkiak eta paperak lurrean eta han-hemenka barreiatutako bulegoko mahaietan, kaxa, tiradera eta kartoien artean. A zer kuxidadea! Azpitituluak ematen du esplikazioa: “Oraindik Egin-en egoitzan zeuden dokumentuak bildu eta Euskadiko Artxibo Historikora eramaten hasi da Jaurlaritza”.
Gure eskola garaiko hizkuntzan “bandaloak pasa direla” esango genukeen argazkiek erakusten duten panorama hori ikusita. Ba bandalo horien buruzagia epaile bat izan zen: Baltasar Garzon, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. Hark agindu zuen, duela hogei urte, Egin egunkaria eta Egin Irratia ixtea. Hark eragin zuen argazkietan islatzen den katastrofe ez natural hori. Zein epailek eskatuko ote dizkio kontuak duela hamarkada pare bat epaile izarra izan zenari.