Bi besoak gora altxata dago gizonezko buruzuria, apaizak mezetan egiten duen “joan zaitezte Jainkoaren bakean” jestua gogoraraziz; baina albokoak ere besoak altxata daude, eta berdin han behean eta barrenean pila-pila eginda ikusten diren gainerako buruzuri txikiak ere; hemen ez dago meza-emailerik, hemen denak dira liturgiaburu, emakumezkoak barne.
Pentsiodunen Donostiako bilkura ez zen izan Bilbokoa bezain handia, ezta gutxiagorik ere. Eta dena dela, edozein autobus eta kale kantoietan aurkitzen zenuen manifara zihoan jendea. Taberna estrategikoetan ia sartzerik ez, kartoizko edalontziak kafetarako eta ilada luzeak emakumezkoen komuneko atean. Imajinatzen dut Gasteizen eta Iruñean ere antzekoak izango zirela eszenak.
Pentsiodun gisa estreinatu naizen manifestazioan topatu dut borroka honetan urteak daramatzan jendea, adinak baldartutako pausoz eta makuluaren laguntzarekin dabilena. Topatu dut jite politiko eta sozialarengatik bertan egongo zenik pentsatu ere egingo ez nukeen bakarren bat. Eta topatu ditut oso aspaldiko beste borroka batzuetan, adibidez Burgosko Juzioaren kontrakoan, hazi eta hezitako gizon eta emakumeak.
Ez dakit nondik nora egingo duen atzo hain nabarmen kaleratu zen pentsiodunen mugimenduak. Pretendiente asko ditu, boto arrantzarako kala aparta omen da-eta. Gure belaunaldiaren ezaugarri izan den sektarismoak jotzen ez duen bitartean, martxa geldiezina har dezake. Ortopediako tramankulu eta guzti.