Urdin-beltzetara eraman dute gaur azaleko argazkia Berrian. Lehen planoan, bi afixa; batek dio: “Ama lurra ez hunki!”. Besteak: “Urre meategiak: ez ezetz da”. Bigarren honi eusten dion emakumea da aurpegia zuzenean ematen duen bakarra, ze gainerako manifestariak kameraz ohartu ere egin gabe daude, elkarren artean solasean, aurpegi alaiekin.
Atzodanik bisaia are alaiagoarekin egongo dira. Izan ere, lortu dute helburua: Frantziako gobernuak ez dio eman baimenik Sudmine enpresari, Lapurdin urre bilaketan hasteko. Zehazki Senpere eta inguruko beste hamar herritan egin nahi zituen zundaketak Sudminek urre bila. Itsasu da herri horietako bat. Bigarren argazkian, hor ikusten ditugu lau lagun, herri sarrerako seinalearen alboan panela jartzen: “Urrezko meatzegien kontra”, dio.
Urre meatzeak entzun eta El Dorado dator automatikoki burura. XVIgarren mendetik aurrera zabaldutako mitoa, literaturarentzat eta zinemarentzat urrezko gaia. Asun Garikanok bere bi liburuetako batean –ez dakit Far Westeko Euskal Herria deitzen denean ala Kaliforniakoak izenekoan- urre bila aritutako euskaldunen istorioak badauzka. Tartean ziur izango zela lapurtarren bat. Beste kontu bat da XXIgarren mendean Senpere, Itsasu, Kanbo eta inguruetan El Dorado bat imajinatzea. Baina, badaezpada, urrea bilatu nahi Sudmine enpresak hantxe, kolonizazioa gogorarazten duen jokaldian.