Ederra eta bitxia da argazkia: neska bat berdetasunaren erdian, pikotxean, eskuan aterki gisa osto handi bat duela. Neskak zuzenean begiratzen dio kamarari; eta begiradak transmititzen du etsipen puntu bat, sakona oso. “Hileroko bazterketa” dio argazkiaren gaineko izenburuak. Eta azpian argibideak, hitzez hitz: “Hilekoa dutenean, etxetik kanpora bidaltzen dituzte Nepalgo emakume asko, eta etxolatan egoten dira, amaitu arte”. Hortik aurrera garatzen du gaia Zigor Aldamak bi orrialde beteko erreportaje bikainean.
Kontua da errelato horren irakurketak hilekoari buruz barruan ditudan hainbat oroitzapen eta sentipen garratz berpiztu dizkidala. Hamabi urterekin odol jarioan nengoela konturatzea drama bat izan zen niretzat. Artean ez konpresarik, ez tanpoirik, ahizpa zaharragoak eman zizkidan trapu zurietako bat jarri behar izan nuen hankartean. Ez zen erraza hura estali eta disimulatzea neska koskorraren soineko laburrarekin. Eta, batez ere, ez zen erraza emakume gisa salatzen zintuen gertaera hura ezkutatzea. Ondorioz, emakume izatea gorrotatu egiten zenuen, horrek zekartzan mugak eta zaurgarritasuna barruntatzearekin batera.
Tanpoien eta ibuprofenoaren garaian errazagoa da hilekoari aurre egitea. Baina oraindik ere, nago, ez ote den estigma bat, ez bakarrik Nepalen, baita gure artean ere, hilekoa izatea. Eta bestela, zergatik esaten da oraindik “hilekoarekin egongo da”, andrazkoaren bat bateko tenple txarra esplikatzeko?