Argazkirik ez, grafiko batek hartu du gaur Berriaren azala: ezkerrean independentistak, eskuinean unionistak, erdian Catalunya en Comu. Bakoitza bere kolorearekin: arrosa, magenta, horia, laranja… Lehen orrian gazta erdi bihurtu da grafikoa. Irakurketa orokorrena egingo diot nik: independentistek bi eserleku galdu dituzte eta unionistek bost irabazi. Hala ere, hamahiru eserlekuren aldea ateratzen diete independentistek unionistei.
Grafikoei gorputz eta aurpegiak jartzen hasita, sokatira saio baten modura ageri zait atzoko eguna. Eskuineko aldean Arrimadas, Iceta eta Albiol, hurrenez hurren. Ezkerrekoan Marta Rovira espero nuen buruan, baina ez ba, Puigdemont jarri zaio aurretik; Carles Rierak isten du ekipoa. Domenech botilero aritu da, orain ezker, hurrena eskuin, denekikoak egin nahian. Oso orekatuta egon dira indarrak bi ekipoen artean, baina azkenean, tiraldi indartsu batekin… “tomba, tomba” egin dio ezker aldeak eskuinekoari.
Argazkietan bat nagusitzen da: Puigdemont bere taldekideekin pantailara begira denak. Tokiarengatik, jantziengatik, giroagatik… konbentzionala eta glamour handirik gabekoa da eszena. Baina ohartzen denean bat hor daudenak indarrez kendutako gobernu bateko presidentea eta kideak direla, eta exilioan daudela… eta presidenteordearen argazkirik ez dagoela preso daukatelako, eta…
Ez naiz errelato epikoan sartuko. Martxelo Otamendiri kopiatuko diot bere analisiaren izenburua; hauxe: “Rajoyren porrota”.