Nekez atera daiteke informazio gehiago argazki batetik. Ezkerretik hasita, luzetakako kartel bat: Tour de France dio, Tour de France… des prisons. Azpian Frantziako mapa, eta hor bira horren zortzi geralekuak markatuta; Parisen, tour guztiek bezala, helmuga. Beherago, zehaztapena: lau mila kilometro, hogeita lau egun.
Kartelaren eskuinetara dozena pare bat emakume eta gizon, buru zuriak, ile beltzekoak nahiz burusoilak. Bat, txapel eta guzti. Haien aurrean Mixel Berokohirigoin ari da, mikrofonoa eskuan, mintzatzen. Barreneko hormatzarrak argitzen du Mont de Marsaneko kartzelaren aurrean daudela.
Barruko argazkian Vincent Bru, En marche-ko diputatua da hizketan ari dena. Kartzelako zuzendaritzakoek esan omen diote Mont de Marsango presondegi horretan badirela berrogeita hamar leku libre. Alegia, Hendaiatik ehun eta berrogei kilometrora dagoen kartzela horrek har ditzakeela Frantzia osoko espetxeetan barreiatuta dauden euskal presoak. Berriro ere Iparraldetik datorkigu, Bakearen Artisauen eskutik, itxaropenez betetako lezioa.
Orrialde horren parean ifrentzua: Belen Gonzalez Peñalbaren heriotzaren eta ibilbidearen berri. Lazkaoko goierritarra, ETAren ordezkari izana hainbat negoziaketetan, herenegun gauean hil zen Donostiako Onkologikoan. “Etxean, baina preso” dio informazioak. Yoyesen hilketak banatu gintuen aspaldi batean. Zergatik ez ote nuen bilatu Belen Lazkaora itzulita zegoela jakin nuenean?