Argazkia ez da gaurkoa, atzokoa baizik, baina ezin zitzaion kale egin. Metalezko ate bat bere sarrailarekin, eta behatxulotik eskuak kanporantz: bat, bi, hiru, lau. Eskuak zerbaiten eske arituko balira bezala; baina ez da dirua eskatzeko keinu hori, ez, eskuek heltzea eskatzen dute: eskua ematea, laguntzea.
Kristina Berasainen “Libiako zulo beltzetik ihesean” erreportajearekin dator argazkia. Astearte gauean Libiako Zuaratik abiatu eta itsasoan gutxienez hogeita hamalau gorpu utzi dituen bidaiarekin hasten da kontakizuna. Hortik aurrera, gaur egun Libia iheslarien auzian jokatzen ari den papera marrazten du egileak: Libiakoa omen da itsasbide arriskutsuena eta aldi berean erabiliena. Gaddafi bota ondorengo desgobernuak milizien eta mafien eskuetan utzi duela herrialdea.
Libia aipatzean Josetxo Laboaz gogoratzen naiz beti. 1996a zen eta Maltan genbiltzan. Pasai Donibanen jaiotako artzapezpikua Malta eta Libiako nuntzioa zen orduko hartan, hau da Vatikanoaren enbaxadorea. Biziki gomendatu zigun Libiara joateko, merezi zuela. Diplomatikoa izan Laboa, eta Gaddafiri buruz ezin esango zuen ezer txarrik. Baina diplomaziaz haratago ere, nolabaiteko sinpatia eta konfiantza agertzen zuen harekiko. Libiara ferryz joan zintezkeen orduan Maltatik, aise. Duela hogeitabat urte ez zegoen inguru haietan, eskuak behatxulotik aterata, laguntza eskean ibiliko zen inor.