Sarean azkar hedatu ziren argazki haiek eta denok jarri genuen nazka aurpegia, eta sentitu genuen eztarrian traba bat, jana irentsi ezin duzunean ipintzen den hori: Nafarroako ospitaleetan gaixoei ematen ari zitzaizkien janarienak ziren argazkiak. 2013an izan zen hori. UPNek jasan behar izan zuen eskandalurik mediatikoenetakoa eta, esango nuke, herrikoiena. Ze nori ez zaio gertatzen noizbait ospitalera joan beharra, gaixo nahiz laguntzaile modura? Eta ospitalean dagoenari txantxa gutxi, zer eta jatekoarekin.
Gaurko albistea da Nafarroako gobernua prest dagoela ospitaleetako sukalde zerbitzu osoa publiko izan dadin. Hau da, 2011an hasi zen pribatizazio prozesuaren aurreko egoerara itzultzeko prest.
Gaurko albistea ona bakarrik ez, oso da ona. Administrazioak –pluralean- dena pribatizatzeko joera neoliberal geldiezinean dauden garai honetan, salbuespen eredugarria gertatzen da Nafarroako Ospital Guneko sukaldeari buruzkoa. Aste honetan Gipuzkoan izan dugun albiste izarraren antipodetan dago.
Badakizue, eufemismoan kanpeoi, orain Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzen duten horretan herenegun hasi zituzten lanak errustegia eraikitzeko. Dena borobilduz, Ekondakin –hau da, hondakin ekologikoak- izena jarri diote obra erraldoi hori egin bakarrik ez, gerora erraustegia ustiatuko duen enpresa taldeari: ehun puxtarri gehiago eufemismoen lehiaketan. Pribatizazioa, hemen eta orain, hondakinen kudeaketara ekarri dute. Gipuzkoarrok hogeita hamar urte luzetarako zorpetuta eta bahituta edukiko gaituen pribatizazio operazioa.