Poz aldrebesa

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2017ko mar. 24a, 14:34

Gizonezkoa, kaskamotz, bizar beltzean ile zuri bakan batzuk; ezpainak lasatuta, begiak –barrura begiratzen ohituak- objektiboan tinkatuta; liburua eskuetan eta haren izenburua: Poz aldrebesa.
Juanjo Olasagarre idazle arbizuarrak badu halako gaitasun bat izenburuak bihurritzeko. Bere azken nobelari Ezinezko maletak deitu zion; maletak izan daitezke galduak, lapurtuak, irekiak, astunak, zaharrak… baina ezinezkoak? Poesia liburuetan, Bizi puskak deitu zion bati, eta hurrengoan, izen berbera erreziklatu eta Puskak biziz atera zitzaion.
Oraingoan Poz aldrebesa asmatu du, antagonikoak diruditen bi kontzeptu nahastuz. Maialen Unanuek BERRIAn egin dion elkarrizketan dator azalpena: sendagai baten informazio orrian, albo efektuen artean, zoriontasun desegokia azaltzen omen zen. Hortik iritsi da Olasagarre poz aldrebesera.
Gizonezko bikote baten istorioa dakar Olasagarrek: telebistako kazetaria bata eta buletin ofizial baten itzultzailea bestea. “Nobela gay bat da baina ez da nobela gay bat” dio egileak. “Gay partikulartasunetik unibertsaltasuna kontatzen saiatu naiz: balio izan dit nire munduaren izkina horretatik munduaren irakurketa oso bat egiteko”.
Bilbo eta Iruñea omen dira gertalekuetako bi. Zer esango dizuet, voyeur erabatekoa bihurtzen naiz ni nobelak ezagutzen ditudan tokietan gertatzen direnean. Banoa, segidan, Poz aldrebesa-ren bila.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!