Patxi Zabaleta bere despatxuko mahaian, eta mahaiaren gainean eserita, Floren Aoiz. Irribarretsu, ia ia barrez ageri da Zabaleta, Aoizek esan bide dion zerbaiten kontura. Konplizitatea antzematen da bien artean.
Hirugarrena falta da argazkian, Jose Mari Esparza tafallarra. “Hiru ezpata” esango genuke zezenketetako hizkeran, beste horrenbeste bururi aurre egiteko. Kontua da Floren Aoizek Jaime Ignacio del Burgori buruz idatzi duela, Esparzak Victor Manuel Arbeloari buruz eta Patxi Zabaletak, berriz, Jesus Aizpun duela hizpide.
Liburuaren izenburuak ematen du tonua: “Tres tristes trileros”. Mihinaren arintasuna neurtzeaz aparte, euskara ere estutasunean jartzen du izenburu horrek; izan ere, gaztelania-euskara hiztegietan ez dira ageri, ez trilero, ez trile hitzen ordainak. Gaztelaniatik ulertuta, trilea kalean egiten den joku tranpatia da eta trileroa hartan jarduten duena. Joxerra Senarrek, “hiru iruzurti ilun” itzuli du “Tres tristes trileros” izenburua.
Nafarroan, bistan da, politikari buruzko literatura oparo dabil oso azkenaldian, aldaketaren olatuak lagunduta.
A! argazkiari buruzko xehetasun bat: paretan –Zabaletaren despatxuko mahaiaren atzean- Picassoren Gernika ageri da. Atrezzoa baino zerbait gehiago gertatzen da hiru trileroei buruz aritzekotan.