Musika kioskoaren aurreko aldean jarri dira zazpi lagunak, lau gizonezko eta hiru emakume. Hozta-hozta ikusten da kioskoan zintzilikatuta dagoen pankarta; “Espetxeratuak” irakurtzen da, hala ere, eta “Altsasu” hitza ere igartzen da. Nahikoa, gaia zein den jabetzeko. BERRIAko azalaren hiru laurdenak hartzen ditu argazkiak.
Espetxeratutako bost gazte altsasuarren gurasoak dira hor eta barruko beste argazki batean ageri direnak. Baliteke koadrilakoak izatea, edo ez; litekeena da parke-ordu batzuk elkarrekin pasa izana, haien seme-alabak artean ume zirenean. Orain, beste zainketa mota bat partekatzea suertatu zaie: espetxeko lokutorioan egiten dena. Eta kanpoan, abokatuekin harreman etengabean.
Joan den larunbatean Altsasun egin zen manifestazioak ematen du bidegabekeriaren neurria: hogei mila lagunetik gora bildu ziren. Trenez joan zen lagun batek kontatu zidanez, bai harakoan, bai itzuleran, treneko txartel-zulatzaileek ere elkartasun hitzak esan zizkieten, manifestariak zirela konturatuta.
Gurasoetako batek, Alfredo Urkijok, bota du Joxerra Senarren erreportajea borobiltzen duen sententzia: “Probeta baten gisan erabiliak gara. Hau aurrera ateraz gero, prest egon gaitezke denok”.