“Muntai polizialik ez! Utzi bakean Altsasu”. Hori dio pankartak hizki indartsuz. Hiru banderari eusten dieten makiletara dago lotua pankarta, eta atzean ageri diren etxeak ikusita, esango nuke Altsasuko erdiko kalea dela ageri dena, garai batean N-1a pasatzen zeneko hura.
Goierrialdetik joanda Altsasuri hartzen genion halako tankera gogor bat; eguraldiarengatik, hasteko, beti gurean baino haize zakarragoa eta hotzagoa han. Baina ez zen hori bakarrik, Altsasuri buruz aditzen genuena baizik. Trenbideko langileen herria, gerra garaian gure herriko bainuetxea okupatu zuten miliziano asko Altsasutik joanak zirela kontatzen ziguten. Eta segidan etortzen zen beste aipamen bat, Altsasuko erretore izandakoak idatzi zuen liburuarena: “No me avergoncé del Evangelio”. Izenburua bezain indartsua eta ausarta liburua, gurasoek ahopeka kontatzen zutenaren arabera.
Urtetara, apaiz ohi haren ilobak, Helena Tabernak, “Altsasua 1936” eta “La buena nueva” filmetara eraman zituen Mariano Ayerraren historia eta lekukotasun garratza.
Azkenaldian Altsasu jasaten ari den jazarpenaren kronika amaigabea atzeko urte eta hamarkadetako gertakizunekin trabatzen zait nahi ezta ere. Eguraldiaren haizeak bakarrik ez, historiarenak ere gogor jotzen du bidegurutze den herri horretan.