Kristalezko lauki bat, adibidez turismo kanpaina baterako erakustoki izan zitekeena. Toki estrategikoan dago gainera, Berlinen, Brandenburgoko Atearen aurrean. Beirateetan, Europar Batasuneko banderaz gain, bi izen: TTIP –te, te, i, pe- eta Greenpeace. Barruan hiru gizonezko ageri dira, Sherlock-en plantan; haietako batek, luparen ordez, kamera sofistikatua eskuetan. Greenpeacek filtratu dituen paperak ari dira miatzen: Ameriketako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren artean egiten ari diren merkataritza itunari buruzko aktak.
Susan Georgeri, Attac taldeko buruari, aditu nion TTIPen izaera ulertzeko adibide oso grafikoa. Susan Georgek esan zuen, ahazteko tokiko Champagne eta Rioja sormarketako produktuak; TTIPekin, Champagne eta Rioja ardoak beste edonon ekoitzi ahal izango dituztela. Kaliforniatik letorkeen Errioxa ardoa edan beharraren mehatxuarekin jabetu nintzen TTIPen neurriaz.
Obama eta Merkel elkarri musu emateko zorian. Alemaniako Die Linke alderdi ezkertiarraren egoitzako fatxada osoa hartzen du argazki horrek: TTIPen eszenaratzea da. Kontua da, Greenpeacek erakusgai jarri dituen paperen arabera, beste aurpegi batzuk direla protagonista itun ekonomikoaren baitan: lobby industrialak. Mozorrotutako aurpegi horien bila hasi beharrean gaude, hemen bertan ere.