Lubakiko izengabeak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2016ko api. 12a, 12:45

Barreneko nitxoek erakusten dute hilerri batean gaudela. Lehen planoan gizonezko bat kutxa bat hilobian sartzen. Tartean jende andana, emakumezkoak asko, eta Joseba Asiron, Iruñeko alkatea. Jon Orzaizen kronikaren izenburua poesiatik gertu: “Izenik gabeko hamabi lore”.
Laurogei urte egin dituzte gorpuzki horiek lubaki batean; fusilatu eta lubakian lurperatu zituzten frankistek, inoiz inork aurkituko ez zituen ustean. Lubakian lurperatuta egon izanak indar sinbolikoa hartzen du: hil eta gero ere, borrokan.
Izenik gabe daude oraindik, eta zor zaie izena berreskuratzea. Izenik gabe egote horrek, ordea, indar sinbolikoa areagotu egiten du: errepresioa gordinen jasan zuten haien ordezkari bilakatzen dira, izenik gabeko izanarekin.
PPek ez beste alderdi guztiek parte hartu omen zuten omenaldian. PPkoek beste eginkizun batzuk zituzten atzo Iruñean. Hor ageri da Fernandez Diaz ministroa, kontzentratuta, Espainiako banderari musu ematen; inguruan, militarra eta gotzaina, liburu gorria eskuan, errezorako prest. Oraingoan ere esperpentoaren generoko eszenan protagonista izan da Espainiako Barne ministroa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!