Grand Placen hitzordua

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko aza. 24a, 13:25

Bruselako Grand Place, Mario Onaindiak euskal literaturara ekarri zuen hura. Lehen planoan, atzetik hartuta, bi polizia, gizonezkoa eta emakumezkoa, urdinez; ondoan bi soldadu, kamuflaje jantzian, burua mozorrotuta; gerritik zintzilik, kaskoa eta pistola bere zorroan; bideojoko baterako modeloak izan zitezkeen. Poliziak eta soldaduak berdintzen dituena, balen kontrako txalekoa.
Grand Placen barrenean apainduta dago jada gabonetako pinua; jende apur bat badabil inguru hartan, polizia eta soldaduen ikuspuntuan. Astelehen buruzuri batean ezusteko opor eguna bizi izan du Bruselak: eskolak, unibertsitatea eta metroa itxita, etxetik lan egiteko gomendioa ahal duenari… alerta gorenean dago Belgikako hiriburua, Europar Batasuneko erakundeen egoitza.
Sarekada egin du poliziak, baina ez dute harrapatu bilatzen zutena; 21 atxilotuetatik 17 aske utzi dituzte. Baliteke operazio osoak eraso terroristaren bat ekidin izana, baina hori adina, beste helburu bat somatzen zaio alerta egoerari: herritarrak kontrolatu eta otxantzea, Hollandek eta inguruan biltzen ari zaizkion lagunek deklaratutako gerraren ezinbestekotasuna irudikatzea. Han, Europar Batasunaren bihotzean. Mario Onaindiak zitalekua jarri zuen plazan; Marxek Manifestu Komunista idatzi omen zuen tokian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!