Batelerak

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko ira. 15a, 11:30

Itsasertzetik dator gaurkoa, ertz ertzetik, Donostiako kaiko arranplaratik. Horizontalean, alderik alde, trainerua, eta hor, bi izen nagusi: San Juan eta Batelerak. Bertikalean, hasteko, arraunak, eta gero, inguru guztian, beso pila, arraunlariei ongietorria eta zorionak ematen. Zuri-beltzekoa da argazkia, baina esango dizuet dena arrosaz tindatu behar dela imajinazioan, hori baita Donibanekoen kolorea. Igandean, bigarren urtez segidan eraman zuten Kontxako bandera.
Lehen Kontxako estropadak hamabietan hasten ziren. Gero, ordubete aurreratu zituzten, emakumezkoei tokia egiteko. Orain, hamaiketarako joan beharra dago derrigor, ez bakarrik lekua hartzeko, baita emakumezkoen estropada ikusi eta bizi izateko. Izan ere, pasio berbera jartzen da horko lehian, eta emozioa, esango nuke, batzuontzat behintzat handiagoa ere badela, berdintasunean irabazitako koxkaren plusarekin.
2008an parte hartu zuten lehen aldiz emakumezkoek Donostiako estropadan, eta dagoeneko erabat egonkortuta dago hitzordua, tradizioak nola alda daitezkeen erakutsiz. Edo, hobe esan, tradizioan sakonduz; ze, Pasai San Juanen, XVII. mendean jada, ibiltzen ziren batelerak arraunean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!