Orri pasan, begietara salto egin dit irudiak, oroimenean ezabaezin geratu baitzen: Vietnamgo gerran napalmak harrapatu zuen neskatoaren argazki hura da. Argazkia beste argazki baten barruan dago, eta oinak dioenez, Ho Chi Mihneko Gerraren Museokoa da irudia: bi gizonezko eta emakume bat munduari buelta eman zion argazkiari begira eta hizketan daude; agian, ikusle hauek ere bederatzi urte inguru izango zituzten 1972an, gerra izuaren ikur bihurtu zen neskatoak bezala?
Berrogei urte bete dira Vietnamgo gerra bukatu zenetik, baina ondorioak martxan daude oraindik. BERRRIAko erreportajean Maite Asensiok azaltzen duenez, oraindik malformazioekin jaiotzen dira haurrak Vietnamen; agente laranja deitu zuten herbizidaren eragina indarrean dago nonbait, lau hamarkada pasa eta gero.
Beste argazki batek ere piztu dit arreta gaurko egunkarian; hor ageri da barrenean Hollande Frantziako presidentea, esku-zartaka; ondoan Qatarreko emirra dauka, hura ere txaloka baina era diskretuagoan. Argazkiaren lehen planoa beste bi gizonek hartzen dute: Eric Trappier Dassault hegazkin lantegiko buruak, eta Al-Maki jeneralak.
Kontua da Frantziak Qatarri 24 gerra hegazkin saltzeko kontratua sinatu duela, eta horiekin batera pilotuak eta mantentze lanetarako pertsonala trebatuko duela. Frantzia munduko bigarren arma esportatzaile izateko lehian omen dabil. Kontuak ez gaitu hain urrutitik harrapatzen: Miarritze inguruan pasatzean, han ikusiko duzue Dassaulten lantegietako bat.
Elixabete Garmendia