Mendiak –bi mendixkak- hondakinezkoak dira: egur zatiz eta adreilu puskez osatuak. Tartean dorretxo bat ageri da zutik, milagroz, bere teilatu eta guzti: txarteldegi bat da irakurtzen diren hizki apurrek diotenez. Bi mendixken artean eraikin zuri bat ikusten da, arrakalekin, baina zutabeak zutik; bada zerbait.
Mendixketako baten gainean, han urruti, gizonezko bat pikotxean, beste bat beherantz begira, zerbaiten bila bezala, beste bi elkarrekin hizketan… eta gailurrean, besoa astinduz, azkena. Noren arreta piztu nahian ote dabil?
Barruko argazkietako batean, aurrekoaren antzeko hondakindegian, gizonezko bat eta bi emakumezko, lehen planoan; gizonak maskaraz babestu du ahoa; emakumeetako batek puskaren bat bildu du hondakin pilan. Hirurak gorantz begira, ez dakigu zeri.
Everesteko kanpalekuko argazkian elurraren zuriak leundu egiten du nolabait txikizioa. Argazki honen gaineko izenburuak dio Nepalen dauden euskal herritarrak onik direla. Eskerrak. Haietako batek, Txentxo Jimenezek, jarri dio kalifikatiboa egoerari: pribilegiatuak direla, alegia, laster etxera itzuli ahal izango diren mendizaleok; hango herritarrek urteak beharko dituztela lehengo egoerara itzultzeko. Nola itzuli ote daiteke lehengora, 4.000 hildako atzean utzita?