Txalaparta digitala

Erabiltzailearen aurpegia Elixabete Garmendia 2015ko mar. 10a, 12:43

Bi oholen gainean txalapartaren makilak norbaiten eskuetan eta alboan ordenagailua. “Egurraren metamorfosia” jarri dio izenburua kazetariak. Barruko orrietan esplikazioa: makilei heltzen dieten esku horiek Beñat Iturriotzenak dira, eta hau, Enrike Hurtadorekin batera, esperimentuak ari da egiten txalaparta digitala deitzen dutenarekin; ez omen dira bakarrak informatika eta txalaparta lotzen. Hori eta beste hainbat berri dakartza Iker Tubiak bi orri beteko erreportajean. Guztia, Iruñean datorren ostiraletik igandera bitartean egingo den kongresuaren harira.
Joan den asteburuan gertatu zitzaidan niri; ari nintzen hariztia garbitzen, neguko haizete, elur eta euri jasek botatako makila eta adarrak biltzen, eta hala, adar batzuk sutako pilara neramatzala, txalaparta gogorarazi zidan soinua aditu nuen, nire pausajeren erritmoak eta arrastaka zihoazen adarrek osatuta. Hala moduz sortuko zen txalaparta, pentsatu nuen nire baitan.
Nolanahi ere, sekula topatu dudan txalapartarik primitiboena Urdaxeko kobazuloan entzun nuen, urte asko samar direla: leizerako sarrera zaintzen zuen gizonak paretetan zuzenean eskuz jotzen zuen txalaparta. Halako tokietan, estalaktitetako ur tantak ere txalapartan ari direla dirudi. Oinarrian, naturaren hotsen imitazioa baita txalaparta. Hortik abiatu eta mundu digitalerainoko katea ez eten izana, hori, denok zoriontzeko moduko miraria da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!