Azken egunotan manga bat egon naiz irakurtzen, beste liburu batzuekin batera, trankil irakurri dot, orriak ondo ikusiz, irudiaren narrazioa neureganatuz. Zentro komertzial batera gizateriak akabatutako animalia espezieak doaz erosketan, gizakiek animaliendako egiten dute lan, batez ere, emakumeek. Protagonista atezaina da. Mimoz tratatzen ditu zentro komertzialetik at existitzen ez diren izakiak; gizarte kontsumistak erail zituen aspaldi.
Gabon-kantak supermerkatuan, pertsonak opariak alde batetik bestera eramaten, egun onak pasa ditzagun desiratzen, irribarreak nonahi eta mezu alaiak. Guztia zantzu komertzial batean, momentu batean, akaso atzo, beharbada bihar, desagertuko da, desagertu da, gizarte zaintza ez kontsumista. Tsuchika Nishimuraren La conserje de los grandes almacenes manga irakurri dut, gauza asko ulertu ez ditut, kritikatu ditut, japonesa ez naizelako edo, besterik gabe, kritikatu nahi ditudalako. Bukaerara heldu naizenean, ez dut manga itxi. Irudiari erreparatu diot kontu handiz, kritika aukera eta eleberria apalategian uzteko borrokan murgilduta.