Aitortu behar dut badut holako harreman konplexua gomendioekin: gustuko dut gomendioak egitea eta jasotzea, baina ez guztiz. Esaterako, ari naiz errepasatzen apuntatutako azkeneko irakurketa gomendioak: Nerea Arrienen Cul-de-sac , Alastair Grayren Pobres criaturas , Carnada Eugenia Ladrarena, Mackenzie Warken Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza eta Iosune de Goñiren Ahizpa Beltza . Eta horiek irakurri aurretik sortu zait espektatiba bat, akaso, desio edo nahia, ondoren etorriko da irakurketa. Beharbada ez du bat egingo. Zentzu horretan oso guai daude irakurketa klubak, hor berdin dio irakurritakoa, azkenean solasak gozamen puntu bat ematen duelako, eztabaida edo elkarrizketarena. Eta halere beti dago zerbait, irakurketa bere horretan, idatzia izan den bezala, ikusten uzten ez duena. Norbanakoaren desioa. Irakurtzeko desioa, nonbaitera joateko desioa. Eta hain zuzen esku artean dudan liburuak badu asko esateko: Viaje a Creta poema liburua, Regina Salcedok idatzia. Bertan Reginak adierazten du zer da Creta bere buruan eta zer suposatzen duen horrek Creta ikusteko zein ezagutzeko garaian. Kapazak al gara ezagutzeko desiorik gabe?
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!