Itxarotea maitatzea, ez dakit hori baino kontzeptu ezinezkorik ezagutzen dudan. Itxaroteak antsietatea eragiten dit, batez ere, laguna, ama edo alabaren zain nagoenean azkazalak jaten, mugikorrari begiratzen eta hor urrunean agertu daitekeen busa, kotxea, ama, laguna edo bilatzen.
Aurreko batean irakurri nion Maider Galardiri "Itxaroteaz" iritzian, batzuetan, ezinegoana jasan behar dela, denbora eman eta itxarotea. Eta itxarotea izan daiteke leku bat?
Esaterako, irakurri dut Sigrid Nunez-en "Los vulnerables" eleberria, hasieran irakurri behar ez nuena, pandemia garaian kokatzen du eta nagi berezia ematen dit gaiak. Beharbada, itxaroten eman nuelako denbora asko orduan. Baina Nunezen bidetik, maite izan dut itxaron hori, pisu horretan, loro batekin hizketan! Egiten dituen gogoetak, zaharra eta gaztea, eta denboraren igaro leun eta astun hori guztia, terriblea da. Ona. Oso ona. Eta irakurri dut gustura, orri batetik bestera igarotzeko inolako prisa barik. Eta akaso, itxarotea leku apropos bat izan daiteke, ederra, inkluso, literaturan. Orain, ordea, presaka nabil. Gomendioa bukatu eta etxetik ateratzeko, larri.