Ikasturte bueltarako, hasiko naz modu txarrean. Aitortuko dut holako gauza bat esan behar ez dena, SEKULA EZ: Behin, taberna baten kanpoaldean lagun bati esan nion nire ustez Metallicako abestiei azkeneko hiru edo lau minutoak sobra zaizkiela. Duela gutxi, Fantasma de la Opera musikaldia ikusi dut eta bigarren aktoko erdia ere soberan duela esan nion beste lagun bati. Biak ala baik aitorpen idiotak. Hau da, musika ez dakienaren hitz hutsalak dira, dudarik ez dut. Kontua da, askotan pentsatu dudala, denboran luzatzen diren obrak, gogaitzen didatenean, belarria trebatua ez dudalako dela, edo begirada edota pentsamendua. Baina liburuekin, beste zerbait da. Egon naiteke lasai asko arratsalde oso bat irakurtzen, direla lau ordu jarraian (harrapatzen badut tarte hori niretzat, jakina), irakur ditzaket bataz beste lau liburu astean, eta azpimarrak egin. Ez nuke esango beraz, atentzio kontua denik liburu bat irakurri eta holako zapore gazigozoa geratzen zaidanean. Esaterako, irakurri dut "Fantasmas" Chuck Palahniuk eta Ursula K Leguinen "Oihan hitzean mundua", batak 400 orri inguru, besteak 170 bat. Palahniukenean efektismoa nagusi, esaldi borobilak, eta ideia bera errepikatuta 20 bat aldiz 10 orriro: pertsonak kaka bat gara. Ursularenean, ordea, laburra izanagatik kostatu zait. Mundu berezia, hiztegi berezia, ideiak plazaratzeko modu singularra. Propioa. Diferentea. Eta aho zapore gogorra uzten duena, maitasun askorekin. Egia da lehen hausnarketari kasu eginez, "Fantasmas"-i 200 orri edo kenduko nizkiola, baina "Oihan hitzean mundua"-ri gehitzeko. Ez dut uste, arreta kontua danik, edo abiadurak higatu didala pentsatzeko kapazitatea, edo ez hori bakarrik, egiten duena, lehen aipaturiko esaldi tunttunak botatzea. Badago entrenamendua ez den beste zerbait artearekin gozatzera eramaten gaituena. Ez dakit, zer den, baina pilo bat gustatu zait Habia musika taldearen "Animaliak naiz eta" abestia.