Arrakasta

Erabiltzailearen aurpegia Garazi Albizua 2024ko mar. 11a, 18:26

Gaztea nintzenean, etxean esaten nuen idazle oso ospetsua izango nintzela, nire liburuek
egundoko arrakasta izango zutela, aitak burua okertu eta baietz, baina badazpada ere, lana
ziurtatuko zidan ikasketa batzuk ikasteko. Nik nire alabari, 3 urteko alabari, zorrotz
begiratzen diot topatu nahian zein den haren zaletasuna hori indartzeko, arrakasta izan
dezan. Zaletasuna = arrakasta formula zoriontasunaeren oinarri delakoan nagoelako, edo
nengoen, batek daki. Aurreko egunean, tono iragartzailearekin esan zidan alabak: “egunen
akaberan bandera beltza izango da eta denok itxarongo dugu itsasoan sartuta”, tira, kontu
apokaliptikoak maite ditu. Momentuz bada, behintzat, espero dut bere iragarkizunean
arrakastarik ez izatea. Kontua da “arrakasta” hitza nahiko arantzatzua dela niretzat, eta
aurreko Durango Azokan ikusi nuenean Jasone Osorok “Arrakasta” saiakera idatzi duela, ba
duda barik erosi nuen, ta ointxe gutxira arte ez dut aukerarik izan irakurtzeko. Liburuan,
Joxemari Agirretxe Kerexeta, Eneko Atxa Azurmendi, Izaro Andres Zelaita, Harkaitz Cano
Jauregi, Eva Domingo Otero, Maider Egues Ergialde, Jon Garaño Arzallus, Aizpea Goenaga
Mendiola, Markel Irizar Aranburu, Itziar Ituño Martinez eta Gorka Urbizu Ruiz
elkarrizketatzen ditu. Beste izen asko ere agertuko dira, izan ere, irakurketa asko bildu ditu
Jasonek, gogoeta propioekin batera bilbatzeko. Galdera batek emango dio hasiera kafe eta
liburuen artean agertuko zaigun saiakerari: Maitasuna al da arrakastaren funtsa? Eta are
galdera gehiagok ehunduko dute kontzeptu korapilatsua. 8 atal berezi ditu saiakerak,
arrakasta zatitu eta ikertu ahal izateko: Haurtzaroa, Izaera, Aliantzak, Kritikak, Sabaiak,
Sormena, Porrota eta Arrakasta bera. Utziko dizuet hemen porrota inguruko zita bat,
bereziki gustatu zaidana, Nastassja Martin, Creer en las fieras, “ Helduok bizitza osoan
desesperatuki bilatzen dugun zerbait dauka haurrak: aterpea. Batzuetan hori behar dugu,
uteroko hormak eraikitzea, behar ditugun elikagaiak emango dizkiguna. Porrot egiten
dugunean munduak leku horretara bueltan eramaten gaitu; a priori iluna dirudiena, baina
egiazki salbatzailea den espazioara”. Uteroa edo egunen akabera. Bandera behintzat beltza.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!