Zein zentzu du irakasleena den greba batek?

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Fillat 2025ko urt. 21a, 18:28

Urtarrilaren 30an ikasturte honetako hirugarren irakasle greba egonen da. Bertara Steilasek, LABek, Comisiones Obrerasek eta ELAk egiten dute deialdia. Aurrekoetan bezala, greban parte hartzera ez daude deituak ez garbitzaileak, ez atezainak, ez autobus laguntzaileak, ez ikasleak ezta familiak ere. Hezkuntza komunitatea osatzen duten esparru guztietatik bakarrik batek du grebarako deialdia.

Grebatik kanpo gelditzen garen esparru horientzat zaila da ulertzea zergatik irakaslegoari ez zaion inporta zer pentsatzen dugun, ezta guretzat hezkuntza zer den ere. Gogorra da ulertzea haiek baino gutxiago kobratzen dutenen egoera inportantea ez izatea, edota ikasleek pentsatzen dutena kanpoan utzi behar dela. Edo okerragoa dena: hezkuntza sistemak goitik behera aldatu behar dela, iraun nahi badu.

Momentu honetan ezinbestekoa da kontuan izatea hezkuntza sistema publikoa denona dela eta denon artean defendatu behar dugula. Eta hori baino garrantzitsua dena: hezkuntza publikoak Trumpen bigarren legealdian daukan erronka zabalari, bakarrik komunitate gisa egin ahal izanen diogu aurre.

Hezkuntza sistema osoa dago krisian, ez irakasleen baldintzak bakarrik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Ana Unanue 2025ko urt. 22a, 08:28 #1

Nerea:
Lerroburua deigarria egin zait eta ez, ez naiz ergatibo faltaz ari. Imajina ezazu horrelako izenburu bat: “Zer zentzu du igeltseroena den greba batek?”, edo “Zer zentzu du medikuena den greba batek?”, edo “Zer zentzu du liburuzainena den greba batek?”.
Galdera xinpleei erantzun xinpleak: bada, beste edozein langile kolektikok deituriko greba baten zentzu bera. Wikipediaren arabera, greba “gehienetan presio neurri gisa erabilia da enplegatzailearekin negoziazio prozesuan, lan-baldintzen hobekuntza bat lortze aldera. Bestelako helburuak lortzeko ere erabili izan ohi da”.
Nafarroako irakuskuntzako gehiengo sindikalak urtarrilaren 30erako deituriko grebak, ikasturte honetako hirugarrenak, helburu nagusi bat du: irakasleen lan-baldintzak eta eskola publikoaren kalitatea hobetzea. Zehatzago esanda: soldatak igo (sindikatuen kalkuluen arabera, azken 15 urteotan irakasleon soldata %20 murriztu da), gehiegizko lan-karga burokratikoa arindu, eta ikasleen ratioak jaitsi.
“Grebatik kanpo gelditzen garen esparru horientzat zaila da ulertzea zergatik irakaslegoari ez zaion inporta zer pentsatzen dugun, ezta guretzat hezkuntza zer den ere. Gogorra da ulertzea haiek baino gutxiago kobratzen dutenen egoera inportantea ez izatea, edota ikasleek pentsatzen dutena kanpoan utzi behar dela”, diozu. Eta nik ez dakit horri zer erantzun, ez baitakit nondik atera dituzun ideia horiek.
Nerea: zergaitk uste duzu irakasleoi ez zaigula inporta familiek edo ikasleek pentsatzen duzuena? Alde batetik, hezkuntza komunitateko ohiko bideak dituzue zuen iritzia plazaratzeko. Nire eskolan, Antsoaingo Ezkaba IPn, atzo bertan izan zen Eskola Kontseilua berritzeko bozketa. Horrez gain, irakasleok gure postontzi elektronikoak zabalik ditugu egunean 24 ordu, asteaz zazpi egunez, ikasleen eta gurasoen eskaerak eta iritziak jasotzeko (eta jasotzen ditugu, jasotzen ditugunez).
Nerea: zergatik uste duzu ez zaigula inporta gutxiago kobratzen dutenen egoera? Ezin dut irakasle guztien izenean hitz egin, baina noski inporta zaizkidala eskolako garbitzaile eta gainontzeko langileen lan baldintzak. Egunero mintzatzen naiz haiekin, ez gara planeta urrun baten bizi. Eta ez horienak bakarrik, baita lanik edo paperik ez duten herritarrenak edota euskalgintzan eta kulturgintzan baldintza kaskarretan ari direnenak ere.
Horregatik, nahiz eta azken urteotan soldata murrizketak gogor eragin (nire soldataren erdia pasa etxebizitza gastuek “jaten” dute), jarraitzen dut paperik gabeko etorkinak etxean aterpetzen, eta Euskalerria Irratia, Katakrak edo Laba bezalako proiektuak diruz laguntzen. Sentitzen dut horrek funtzionario pribilegiatu eta insolidarioen errelatoa izorratzen badu. Azken finean, hori baita zure kolaborazioan lerro artean irakur daitekeena. Ulertzen dut zergatik adierazi duzun lerro artean, eta ez gordinki: oso mezu erreakzionarioa delako. Hori bai neoliberalismoaren garaipena: norberaren desioak eskubidetzat jo, eta oinarrizko eskubideak pribilegiotzat hartu.
“Hezkuntza sistema osoa dago krisian, ez irakasleen baldintzak soilik”. Erabat ados, baina bakoitzak bere esparruan eragin beharko du, ezta? Zuk ere, eskola publikoko guraso zaren aldetik, grebarekin bat egiteko eta hain feminizatua dagoen lengile talde baten alde egiteko erabiltzea zeneukan Euskalerria irratiak eskaintzen dizun txoko haa. Baina ez, nahiago izan duzu greba deialdiaren zilegitasuna ezbaian jartzeko erabili. Zeuk jakingo duzu zergatik, esan gabe doa nire ere gogorra egin zaidala zure hitzak entzutea.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!