Ikasturte berriari begira galderak besterik ez daude mahaiaren gainean, antza denez, jardunaldi trinkoarekin hasiko da ikasturtea baina urrian eta abenduan hori aldatzeko aukera egonen da. Hezkuntza Departamentua eta ikastetxeen arteko tira birak daudela argi dago, horren seinale da ezjakintasuna eta malgutasuna.
Baina tira bira gehiago daude, duela egun batzuk Sortzenek, Herrikoak, Concapak eta Britila guraso elkarteen federazioek egindako prentsaurrekoak adierazten digunez. Bertan pandemiaren aurreko ordutegiak bueltatzea eskatzen zuten, azaltzeko familien ahotsak eta borondatea kontuan hartzen ari ez zirela.
Ez dakigu ikasleen ahotsak norbaitek entzun nahi duten, haientzat, ikastetxe bakoitzeko ordutegiaz gain, gauza garrantzitsuagoak daudelako: musukoaren erabilera eta taldeen burbuilen amaiera. Irakaslegoaren gehiengoa txertatuta dagoenean, baita ikasle horien familiak ere, zergatik mantendu hezkuntza eta harremanen aurka doazen neurri hauek? Noren beldurra dago honen guztiaren atzean?
Behin baino gehiagotan esan bezala, tabernetan ikastetxetan baino askatasun handiagoa dago, eta horrek adierazten du gure gizartearen interesak zeintzuk diren.