Atzerritartasun legearen ondorioak eta sarraskiak geroz eta gordinagoak dira. Lehen eta bigarren mailako hiritartasuna ezartzeaz gain, hiri eta herrien barnean ghettoak sortzen ditu, pobrezia eta gaindiezina den klase arrakala.
Mugetan ematen diren heriotzak egunero ikusten ditugu kaiukoetan, pateretan edo bestelako ontzi motetan Mediterraneoa gurutzatu nahi dituztenengan. Urrun ikusten ditugu gure afera ez direla sentituz.
Atzerritartasun legeak eta barne muga horiek, ordea, gure etxeen ondoan daude. Bidasoako mugan hil den gaztearengan, errepide ilunetan lan sexuala egiten dutenengan, etxe barnean zaintza lanak eskaintzen dituztenengan.
Joan den astean Euskal Herrian gertatutako hiru etorkinen heriotzek estalian garatzen den gatazka larri honi estres maila puntu batzuk igo dizkiola uste dut. Eta gurean ere gertatzen ari dela besterik ez digu adierazten: Elhadji-ren heriotza edo Jesús (Nafarroako Gobernuaren zentro batean bere buruaz beste egin zuen adin txikikoak) xenofobia horren bi adibide besterik ez dira, horregatik Atzerritartasun legea bertan behera botatzen ez badugu edo horren aurka modu irmoan agertzen ez bagara, egunero egunero laguntzen dugu gizarte arrazista baten oinarriak sendotzen.