Pandemia hasi denetik urtebete pasa denean, ondorio berri bat azaldu zaigu: jaio berrien tasak datu baxuenak eman ditu; urtarrilean eta otsailean espainiar estatuan 2020an baino 13.000 haur gutxiago jaio dira, %23.
Hasieran egiten ziren irudipen sarkastiko eta infantilen aurka, etxeen barnean zeuden bikoteek ez zioten etorkizunari zoriontasunez begiratzen, ordea, uste zena baino okerrago pasa dute.
Pandemiaren baldintzei azken urtetan ikerketa feministek esaten zutena gehitu zaio: emakumeen %70ak orokorrean nahi baino haur gutxiago izaten ditu eta nahi baino helduago izaten dira emakumeak ama.
Ugalketa lagunduaz baliatzen direnek bizitako ondorioak ere izendatu behar dira: hilabete askotan zehar eten egin dira tratamenduak. Ama bakar, lesbiana eta ugalketa problemak dituzten emakumeei eragin die honek.
Azkenik, ugalketa/amatasunaren krisia sortzen duten baldintza sozialek inoiz baino pisu handiagoa dute: prekariotasuna, zainketen krisia, zainketak laguntzen dituzten politika publiko eskasak, lana eta zainketa uztartzeko neurri eza.
Larria da krisia eta neurri azkarrak hartzeko momentua, baina horrek guztiak ez gaitu zainketen krisiaren zulotik aterako, horretarako lan politiko handia egin behar dugu. Zainketak garrantzitsu bilakatzen ez badira eta biziak erdigunean jartzen dituen gizarte baten alde borrokatzen ez badugu, gizarte bezala heldutasunik ez azaltzeaz gain, materialki txikitu eginen gara eta begirada altxatuz gero, iluntasuna besterik ez dugu ikusiko.