Martxoaren 8an berriro ere zahar-egoitza baten aurrean elkarretaratzerako deialdia dago. Urtebeteko pandemiaren ondoren, feminismotik izendatu den zainketen krisia inoiz baino argiago agertu da, izan ere, Covid19ak eragindako heriotzen herena zahar-etxeetan gertatu dira.
Zainketen afera zahar-egoitzetan bakarrik gauzatzen ez bada ere, horiek dira egungo krisiaren ikono: emakumeak, zainketak, prekarietatea eta baldintza duin eza (bai egoitzetan bizi direnentzat baita langileentzat ere) elkartzen diren lekuak baitira. Bertako langileek greba ezberdinak aurrera eraman badituzten eredua ezer gutxi aldatu da: zahar-egoitza pribatu asko dago (oso garestiak direnak) eta publiko gutxi, eta horrek sortzen duen arrakala emakumeek pairatzen dute.
Covid19aren ondoren Osasunaren Mundu Erakundeak zahar-egoitzetan giza eskubideak errespetatzen ez direla salatu badu ere, Nafarroan egoera hau aldatzeko plan estrategiko berririk ez dugu oraindik.
Zahar-egoitzetako egoera langileek, senideek, feministok eta erakunde ezberdinek salatzen bazuten ere ez dira izan interbentzio esparru eta, zoritxarrez, ereduak milaka heriotza eta sufrimendu ikaragarria sortu du pandemian. Ezinbestekoa da eredu honen ondorioak jaso dituztenak martxoaren 8ko besarkada jasotzea eta horren ondoren, pertsonak erdigunean ez dituen eredua aldatzearen alde elkarrekin lan egitea.