Aldakorra izan den informazio eta protokoloekin hasiera eman diogu 2020-2021 ikasturteari. Musukoa, patioaren banaketa, sarrerak, garbiketak... araudi berria barneratu eta eutsi diogu hasierari. Baina irailaren 7a baino lehenagoko egunetan nahaste handia sumatzen da gurasoen txatean: ikastetxera janaria ekartzen duen enpresak oraindik ez du jantokiko kuotaren berririk eman. Hiru egun falta dira eta ez dakigu hilabetean ume batek jantokian bazkaltzeagatik zenbat ordaindu behar den, baina kuotaren berri eman ez badu ere, delako enpresak adierazi digu izena emanez gero, ikasturte osorako konpromisoa hartu behar dela eta ez dagoela zerbitzua bertan behera uzterik.
Txatean eztabaidak, mezu luzeak, haserreak.
Harriduraren harriduraz lehengusina, lagun eta talde ezberdinei galdetzen diet ez haien ikastetxeetan nola dabiltzan. Berdin.
Iruñeko ikastetxe gehienetara janaria eramaten dien enpresak monopolioak ematen duen boterearekin funtzionatu du guraso elkarteekin: kuota altuak ezarriz, kuota ezagutu baino lehen baldintzak onartu behar direla inposatuz eta aldaketarako aukerak ukatuz.
Ikastetxe gehienetan egon den gatazka honen inguruan ez dut ezer ere entzun inon. Hezkuntzaren zerbitzu askoren pribatizazioaren ondorioz gertatutakoa sistemaren ahuldadeak erakutsi dizkigu berriz ere, baina inork ez du bere gain hartu gatazkaren konponketak: ez enpresak, ez Hezkuntza Departamentuak ezta ikastetxeetako zuzendaritzek ere. Dena Guraso Elkarteen gain gelditu da.
Ondorioz, gatazka honetan, gehienetan bezala, betikoak atera dira galtzen.