Badira bi aste luzetxo umeak kalera atera daitezkeela eta horrek, dudarik gabe, gauzak apur bat hobetu ditu konfinamendu zorrotzarekin konparatzen baditugu, baina haurrek propioak dituzten eskubideen urraketak indarrean jarraitzen du. Joan den astelehenean Nafarroako parlamentuan talde guztiek agertutako adierazpenak, Nafarroako Eskola Kontseiluak esandakoaren harira eskolak ez irekitzearen alde agertzeak, erantzunik gabeko galdera batzuk eragin dizkit:
- Eskola, instituzio gisa, umeen garapenerako ezinbesteko azpiegitura bezala ulertuta (hezkuntza eta garapen soziala bermatzen dituena gaur egun), zerk beteko du toki hori eskolarik ez badago?
- 1. fasera pasatzearekin batera gurasoak lanera bueltatuko dira, norekin geldituko dira umeak aiton-amonak arrisku populazioa badira eta zaindu ezin badituzte?
- Irakaskuntzan pentsatzerakoan, irakaslegoaren lan-osasun baldintzetan pentsatzeaz gain, umeen osasun baldintzetan (fisiko zein psikologikoetan) norbaitek pentsatu al du?
Ahots asko falta dira krisialdi honetan guztian: umeena, umeen eskubide zein beharrak babesteko asmoak dituztenenak, umeen ahotsa entzun nahi duten irakasleena, gurasoena, amena...
Aurreko egunean zoritxarrez Nafarroako Parlamentuan berriz ere umeak ez ziren kontuan izan eta ez zen irailerako aldaketak egiteko aurreikuspenik egin, familiek eta zaintza guneek egin beharko diote aurre egoerari, berriz ere.