Ez naiz ausartzen benetako hitzak erabiltzen azken astetan umeak ditugunok bizi dugun egoera izendatzeko. Ardura handia daukat zaila delako askatasunez mintzatzea berrogeialdiak umeengan ekartzen ari dituen ondorioez, berehala arduragabekeria, errua eta perspektiba falta hitzak erabiltzen direlako gure aurka.
Wuhan-en umeen %25ak depresioaren ikurrak azaltzen ditu hilabete baino gehiago luzatu den itxialdiaren ondoren. Gustatuko litzaidake hemengo umeen inguruan horrelako ikerketak egitea lehen bait lehen, praxiak, edo beste modu batera esanda, umeak ondoan dituztenak ikusten dugunari izen zientifiko jartzeko, ikusten duguna gogorra delako: bortizkeria, urduritasuna, estresa, suminkortasuna, tristura, beldurra...
Kexarik gabe onartu dugu itxialdia baina orain eskubidea dugu umeen beharrak bete behar direla eskatzeko arduragabeak garelako salaketarik jaso gabe. Egia esan, haserre nago, oso haserre, inork ez baitu umeengan pentsatu eta bigarren mailako hiritar bilakatu dira Covid19aren krisian, eskubide osoko pertsonak direla ahaztu izan balitzaigu bezala.