Analisi politiko sakona beharko genuke ulertzeko zein elementuk osatzen duten haur eskolen estruktura eta egitura, horiek gudu-zelai bilakatzeko azken bi legealditan. Umeak eta autonomia erdigunean jartzen duten pedagogiaren defendatzaile garenok, oso argi dugu haur eskola sistema on bat duen hiriak askatasunerako tresna gehiago ematen dizkiela haien hiritarrei. Horretaz gain, hizkuntz sistema egokia bat eskaintzen duenak, berdintasunerako ardatz gehiago bermatzen ditu.
Euskarazko eredua izan duten haur eskolekin harremanak izan dugunok, horien potentziala ikusten dugu bai eta horiek lortutako helburua ere: Iruñean euskararekin harremana ez duten pertsona askori hizkuntzarekin harreman bat proposatzea. Haur eskolen hautaketak ez baitu funtzionatzen ikastetxeena bezala: eskaintza txikia dagoenez, normalean gertuen dagoena aukeratzen da. Hau da Mayak eredua aldatzearen arrazoi garrantzitsuenetariko bat, euskarazko haur eskolek normaltasun ispilu bat dira. Gero, arrazoi honi gehituko dizkiogu euskarazko ereduaren amaiera bultzatzeko imajina daitezkeen arrazoi guztiak... eta hortxe agertuko da UPNren mamuaren aurpegia.