Iruñean jaio bazara urtearen bosgarren hilabetetik aurrera, ez duzu haur eskola publiko batera joateko eskubiderik zure lehen urtean. Beste modu batera esanda, urtearen bosgarren hilabetetik aurrera erditu zaren emakumea bazara, ez duzu eskubiderik zure alaba edo semea haur eskola publiko batera eramateko ikasturte horretan. Hurrengo ikasturtea arte itxoin beharko duzu.
Amatasun baja amaitzen zaizunetik, hurrengo ikasturtea hasi arteko hilabetetan... hor konpon Marianton!
Urtetik urtera errepikatzeagatik ez da errealitatea leuntzen, ez eta egia txikiagoa egiten. Urtero jasotzen dugu berria: Iruñeko Haur eskoletan itxaron zerrenda handiak daude ikasturte hasieran. Horretaz gain, ikasturtean zehar lau, bost, sei hilabete betetzen dituzten umeentzat ez dago eskaera egiteko aukerarik. Beno, aukera burokratikoa egon badago, baina aukera errealik ez.
Ume txikiak dauden etxeetan aski ezaguna da egoera hau. Ulergarria ez dena da zergatik urteak joan, urteak etorri ez den egoera hau aldatzeko ezer ere egiten. Erantzun posible bakarra bururatzen zait: umeen zainketa eta heziketa ez dira garrantzitsuak ez Iruñeko Udalarentzat ez eta Nafarroako Gobernuarentzat ere. Ondorioz, ez dago aurrekonturik, ez plazarik, ez eskola kopuru askirik. Berdintasunaren gaian ez naiz sartuko.
Legealdi honen bukaeran argi esan dezakegu Iruñeko Haur Eskoletan plaza kopuru berbera dagoela. UPNren garaietan zegoen plaza kopuru berbera dago, alegia. Beraz, lau urte hauetan seme-alabak izan ditugunok ez gara garrantzitsuak izan.