Joan den astean, irailaren 19an, Joseba Asiron bere poztasuna agertu zuen Tweeterren Ficht arriskua kalifikatzeko agentziak Iruñeari BBB+ kalifikazioa eman ziolako, eta hori Iruñeko ekonomiaren osasun onaren adierazle omen delako.
Neoliberalismoaren tresna diren agentzia hauen alde agertzea publikoki oso leku zailean kokatzen du Joseba Asiron, politikoki eragin handia duelako halako txio bat egiteak. Hori ulertzeko pare bat hipotesi maneiatu ditzakegu, lehenengoa arriskua kalifikatzeko agentzia hauek zer diren ez dakiela Joseba Asironek ez bere aholkulariek, eta horregatik bere lanaren onespena agertzen duela. Baina ez dirudi sinesgarria denik, oso toki txarrean uzten dituelako.
Bigarren hipotesia litzateke, arriskua kalifikatzeko agentzia hauek egiten duten lanarekin ados egotea; botere handiko estrukturak dira mundu mailan (hala agertu zuten Greziaren krisiaren kasuan, esate baterako) eta Iruñeko Udalak urte hauetan zorra txikitzearen alde emandako pausuekin bat egin duenez, handien ondoan kokatu nahi duela bere burua Joseba Asironek. Hipotesi hau egia balitz, are okerragoa da lehenengoa baino.
Aberastasunaren banaketa, politika ekonomiko justuak eta aldaketa bultzatu nahiko lukeen udal batek ez du aukerarik arriskua kalifikatzeko agentzia hauen ondoan kokatzeko, inondik inora. Fitch-ek egindako txosten eta lanak baitira gobernu neoliberalek erabiltzen dituzten aitzakiak estatuen ongizate neurriak txikitu eta desagerrarazteko. Iruindarrentzat ezin da ohore bat izan gure hiriak BBB+ kalifikazioa izatea, hain zuzen ere, ezberdintasun itzelak daudelako gure hiritarren artean eta udalaren ekonomi politikak ezberdintasun gutxi dituelako UPN-k egiten zuenarekin. Alkateak esplikazio bat eman beharko liguke ezin ulertu hau argitzeko.